berria.info

 

Asteartea, 2015eko azaroak 3a.

 

Harrobia, taula gainean dantzan

 

Euskadiko Federazioak eta Gros eta Sestao xake klubek, den-denek azpimarratu dute neska-mutikoekin egin beharreko lana, baina bestelako egoera islatzen du Euskal Herriko xakearen errealitateak. Erretiroak tartean izanda ere, azken urteotan ez da aldatu onenen zerrenda.

 

 

Argazkia: MIGUEL TOŃA / EFE.

 

Unai Zubeldia

 

Xakean bihotzarekin egin behar dira gauzak, eta ez interesaren edo diruaren izenean». Ińigo Argandońa (Donostia, 1981) Gros xake taldeko ordezkariaren hitzak dira. «Gure egungo mailarekin, ezinezkoa da txapelketetan murgildu eta bertatik bizitzea. Euskal Herrian oso gutxi bizi dira xaketik; bakoitzak bere lana dauka». Pasioak erakarrita lotzen ditu xakeak asko, eta, Miguel Angel del Olmo (Sestao, Bizkaia, 1959) Sestao taldeko presidentearen hitzetan, «magikotik» asko dauka kirol horrek. «Hiru urteko ume batek joka dezake, eta baita ehun urteko batek ere; txapeldun handien aurka joka dezakezu, eta baita jokatzen atzo ikasi zutenen aurka ere».

Euskal Herrian Gros eta Sestao dira puntako bi klubak. «Urtero elkarrekin mokoka ibiltzen gara Euskal Ligan, eta horrela jarrai dezagula!», aipatu du, umore oneko, Del Olmok. Bi klub daude Baionan: Baiona-Adour eta Cote Basque Echecs. «Eta, Frantziako Ligaz gain, Gipuzkoakoa ere jokatzen dute». Argandońak argitu duenez, Lapurdiko bi taldeek «baimena» eskatu zioten Gipuzkoako Federazioari. «Eta aspalditik jokatzen dute gurekin. Elkarlanean ari gara, eta Cote Basquekoek, esaterako, gure egoitzan jokatuko dituzte etxeko partidak». Lapurdiko bi klub horien uztarketaz gain, Euskal Ligan ari dira Nafarroakoak.

Miguel Angel Muela Euskadiko Federazioko presidenteak (Santander, Espainia, 1943) eman ditu datuak: «Gutxi-asko, 2.000 federatu dauzkagu Euskal Herrian, nahiz eta 5.000 jokalari inguru dauzkagun guztira, eta horietatik %25 dira emakumezkoak». Horiei, noski, federatu gabe dauden ehunka eta ehunka zale gehitu behar zaizkie. «Xakea indartzen ari da pixkanaka, eta garai batean eduki zezakeen irudia bidean geratzen ari da», zehaztu du Del Olmok. Txapelketetan bi modalitate daude: Gizonezkoak eta emakumezkoak elkarrekin aritzen direna, eta emakumezkoek soilik lehiatzen dutena. «Gizonezkoen txapelketarik ez dago».

Bilbon jokoan izan den Maisuen Torneoko finala «mundura begira jartzeko leihoa» dela onartu du Muelak. «Baina etxean dago gure egiteko nagusia, gure probintzietan eta bertako klubetan. Harrobiaren teknifikazioa, prestaketa, Euskal Liga, eskoletako lana... Hor dago xakearen etorkizuna». Adibide gisa, Argandońa bera Donostiako Zurriola ikastolan aritzen da xakeko klaseak ematen. «190 ikasle dauzkat, eta horietako asko klubera etortzen dira gero; oso pozgarria da hori. Hezkuntza arloan oso egoera onean dago xakea». Eta horri heldu nahi dio donostiarrak. «Askok pentsa dezaketelako elite mailako taldea dela Gros, Europako zazpi txapelketa jokatu dituena, sona handia daukana... Baina Gros ez da hori. Maila guztietako 12-14 talde dauzkagu guk». Oinarria harrobian dagoela, alegia.

Horren harira, Sestaok apustua egin zuen urte batzuk atzera. «Gera gintezkeen harrobiko lanarekin bakarrik», hasi du azalpena Del Olmok. «Eta hori da gure klubaren oinarria. Baina Bizkaialde eta EDP fundazioen babesarekin, pausoa ematea erabaki genuen. Munduko jokalari onenak erakartzeak eta harrobiarekin lan egiteak ez diote trabarik egiten elkarri». Hori bai, Sestaoko presidenteak onartu du «egunen batean Espainiako txapeldun etxeko jokalariekin soilik izatea» gustatuko litzaiokeela. «Baina gainerako taldeekin lehiatu beharra daukagu, eta ia denek daukate irekita atzerritarren atea».

Egutegi bete-betea

Klubek Euskal Liga jokatzen dute urtarriletik martxora, bederatzi jardunaldikoa; Aste Santuan Donostiako Irekia eta Euskadiko Banakako Txapelketa lehiatzen dituzte; udaberrian eta udan norberaren araberakoa izaten da erabakia, txapelketa ireki asko egoten delako; irailean Espainiako Taldekako Txapelketaren txanda izaten da; eta urrian Kluben Europako Kopa, Txapeldunen Ligaren parekoa, maila gorena. Gutxi-asko, lehiaketa horiek barne-biltzen dute xake denboraldia.

Del Olmoren hitzetan, xakeak abantaila bat dauka. «Materiala. Ez dugu behar elastikorik, oinetakorik edo bizikletarik, eta bazkideek eurek finantzatzen dute kluba». Elite mailako klub batek, gutxi-asko, «100.000 euroko aurrekontua» daukatela argitu du Sestaoko presidenteak. Federazioak dauzkan erronkak, berriz, lau puntutan zerrendatu ditu Muelak: «Formakuntza eta harrobiko lana; teknifikazioa; sustapena, emakumezkoen alorrari garrantzi berezia emanez; eta gizarte lana». Hori bai, «berebiziko garrantzia» eman dio harrobiari, etxekoa zaintzeari. «Alor horretan herren egiten dute klubek».

Euskadiko Federazioari begira jarrita, «errelebo falta» nabari du Argandońak. «Sorreratik presidente bakarra izan du Federazioak. Garaiak aldatu egin dira, baina presidenteak ez. Egoera ez da hain txarra, baina jende gaztea behar du Federazioak». Liskar girorik ez dagoela eta lankidetzan aritzeko prest dagoela argituta, «proposamen zehatzak» egiteko eskatu du Muelak. «Gauzak beti egin daitezke hobeto, eta kritikak onartu egin behar dira. Baina bere garaian egon zen gu ordezkatzeko ahalegin bat; hauteskundeak antolatu genituen, eta guk irabazi genuen berriz. Gauzak ez dira egin behar atzetik eta ezkutuan».

Pertsonak eta ideiak nahi ditu Muelak. «Urteotan egindakoa errespetatuta, noski, lortu dugun batasunari eutsita. Oso konplexua da egunerokoa, alde guztiekin adostu behar direlako gauzak pausoak eman aurretik. Gure taldeak aurrera egiteko ilusio handia dauka oraindik».

 

“Gauzak ez dira egin behar atzetik eta ezkutuan. Gure taldeak aurrera egiteko ilusioa handia dauka oraindik”

 

Miguel Angel Muela

Euskadiko Federazioko presidentea

 

“Sorreratik presidente bakarra izan du Euskadiko Federazioak. Garaiak aldatu egin dira, baina presidenteak ez”

 

Ińigo Argandońa

Gros xake taldeko jokalaria

 

“Munduko jokalari onenak erakartzeak eta harrobiarekin lan egiteak ez diote trabarik egiten elkarri”

 

Miguel Angel Del Olmo

Sestao xake taldeko presidentea

 

http://www.berria.eus/paperekoa/1925/022/001/2015-11-03/harrobia_taula_gainean_dantzan.htm